Gu bi ikasle gara, mendian ibiltzea eta paseoak egitea asko gustatzen zaigunak. Txikitatik naturarekin harreman handia izan dugu, eta beti gustatu izan zaigu leku berriak ezagutzea oinez, lasaitasunez eta presarik gabe. Horregatik, gure amets handienetako bat etorkizunean Donejakue Bidea egitea da.
Webgune hau sortzea erabaki dugu beste pertsonei laguntzeko asmoz. Badakigu Donejakue Bidea egitea esperientzia berezia dela, baina aldi berean zalantza asko sortzen dituela: zer eraman motxilan, non lo egin, nola prestatu fisikoki, zein etapa aukeratu edo zer kontuan hartu lehen aldiz egiten bada.
Gure helburua informazio erabilgarria eta erraza eskaintzea da, bidea egiten hasi nahi duten guztientzat. Hemen aurkituko dituzu motxilarako gomendioak, ostatuei buruzko informazioa, etapetako azalpenak, aholku praktikoak eta gure ideiak eta ikerketak.
Ez gara adituak, baina ilusio handiz egindako proiektua da, ikasle moduan eta bidaiari ameslari moduan sortua. Uste dugu bidea egitea ez dela soilik helmugara iristea, baizik eta bidean bizitzen diren uneak, ezagutzen diren pertsonak eta norbere burua hobeto ezagutzea.
Espero dugu gure webguneak lagungarria izatea eta zu ere animatzea egunen batean Donejakue Bidea egitera. Agian, etorkizunean, gu ere bide horretan elkar ikusiko dugu.




